XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauean ohera?

Tabernen ordutegi berria

Joan zen irailaren 8tik indarrean dago Euskal Autonomi Elkartean ostalaritza eta ikuskizun publikoen gaineko araudi berria.

Taberna eta jatetxeen ordutegia murriztu egiten da aipatutako araudian eta horrek kezka piztu du ostalaritza arloan lanean ari direnen artean.

Joan zen ekainaren 17an onartutako 140/1997 dekretuan Euskal Autonomi Elkarteko jendeaurreko ikuskizunak, jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk zehazten dira.

Dekretua uztailaren 8ko Euskal Herriko boletinean argitaratu zen eta irailaren 8tik dago indarrean.

Ostalaritzari dagokionez, dekretu honek ixteko ordutegia aurreratzea suposatu du eta honek administrazioa eta ostalaritza arloko langileen arteko eztabaida ekarri du.

Dekretuak, bere bigarren artikuluan, ostalaritza eta ikuskizun publikoko lokalen artean sailkapena egiten du eta kategoria bakoitzari dagokion ixteko ordutegia zehazten da.

Lehendabiziko taldean, gaztetxoei zuzendutako alkoholik gabeko lokalak eta janariak emateko baimena dutenak (izozki-dendak, txurreriak, kroasanteriak, etabar) leudeke eta hauek 22:30etan itxi beharko dute.

Bigarren taldean, alkoholdun edariak eta janariak emateko baimena dutenak (tabernak, jatetxeak, erretegiak, kafetegiak, autozerbitzuak, elkarte gastronomikoak, sagardotegiak) sartuko lirateke eta hauei 00:30etan finkatzen zaie ixteko ordua.

Hirugarren taldean, berriz, dantzarako pista izan barik, jarduera berezi gisa, musika izateko baimena duten lokalak eta instalazioak (taberna bereziak, pub-ak, disko-barrak edota karaokeak) sartzen dira eta hauek 02:00ak arte dute ixteko baimena.